XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gora begira jarri da, lotarako postura saiatu ere gabe.

Gau luzea du, baina gaurkoan ez dio, bestetan bezala, ontzi erratu gisa fantasia gorderen baten portura iristen lagundu beharko irudimenari, arratsaldeko ikuskariak betetzen baitio burua.

Errebelazioa.

Hiztegi fotografikoa: errebelatu: filmean jadanik zegoen irudia bistaratu.

Negatibo-positibo prozesurik gabe atera ditu bere ikusmenak Santa Clara-a-Velha-ko argazki gordinak, kamerak huts egin duen unerik desaproposen hartan.

Errebelazioa, bai.

Tabor mendi malapartatu batean bezala agertu zaizkio ziplo bere zorionak artean izateko zituen pitzadura erremediogabeak; etorkizuneko desamodioaren hezurdura biluzia begitandu zaio ur gaineko arku soilduen irudian, bere hitsean guztiz argi.

Saulo Paulo bihurtzerainoko zaldi-erorketa halakoa, Damaskora bidean barik, Coimbrako auzo bazterrean.

Ez du izutu gauza jakintzat jotzen duenaren aurre-zantzu hutsak.

Bai baitaki amodio oro joan doala; bere gogo-haragitan bizitua du maitasunaren krudelkeria gozo-mingots hori, behin baino gehiagotan zapuztu zaizkio eternitatezkoak ziruditen uneak.

Hain etorri zaio, ordea, ezustean gainbeheraren egiaztapen ia fisiko hori, hain ere garaiz aurretik eta bat-batean...

Horixe izan da, bai: aspaldian gertatu balitz bezala (...)